XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juntagaiak izen sintagmak direnean, funtsean bi aukera hauek ditugu:

a) Kasu sintagmak juntatzea (ondarkia errepikatuz):

Trenetan eta autobusetan erretzen dute

b) Izenak (ardatz anitzetako izen sintagmak) juntatzea (ondarkia azken sintagman bakarrik jarriz):

Tren, auto eta autobusetan erretzen dute

Kasu sintagmak juntatzeko, kasu marka bera izan behar dute sintagmek (Egunkarian eta dendan ikusi du zure argazkia/*Egunkaria eta dendan erosi dugu), edo bestela funtzio bera betetzen duten marka desberdinak (Goizean eta hemen egin behar da; Bost umerekin eta oinez etorri zen Bilbora).

Kasu sintagmak noiz bai eta noiz ez, izenak noiz bai eta noiz ezin junta daitezkeen azaltzeko, hurrengo oharrak hartu behar dira gogoan:

- Kasu sintagmak juntatzea beti da zilegi.

- Kasu sintagmak derrigorrez juntatu behar dira pertsona izenordainak direnean sintagmaren ardatz edo ezkerreko juntagaia erakusle batek mugatzen duenean:

*Zu eta niri gustatzen zaigu: Zuri eta niri...

*Zu eta haren ustez...: Zure eta haren ustez...

(hala ere, Zu eta hura bezalako askoren iritziz... modukoak zuzenak dira)

*Gizon hau eta emakumearen argazkiak argitaratu dira: Gizon honen eta emakumearen...

- Kasu sintagmak juntatzeko joera nabaria ageri da sintagmok singularrekoak direnean:

Alkateak eta idazkariak sinatu dute akordioa

Alkate eta idazkariak sinatu dute akordioa

Alkate eta idazkariek sinatu dute akordioa

Dena den, errazagoa da izenak juntatzea juntagai biei dagokien izenlaguna, erlatiboa barne (a, b) edo izenondoa dugunean (c) eta ardatz izenak abstraktuak (d) edo elkarketa moduko bikoteak (e) direnean:

a. Bizinahiak ematen duen indar eta adorez...

b. Etxejabeak gure Patxiko eta lagunei bazkaria ematen die

c. Laguntza eta sari aberatsenak jaso zituzten

d. Zure alferkeria eta nagitasunak eraman zaitu horretara

e. Zeru eta lurrean zure oldea egin bedi

Orobat, juntagaiak izen propioak direnean, errazago gertatzen da izenak juntatzea:

Mari eta Josetxok lagundu zioten bide erdira arte

- Ondarkia plurala bada, berriz, aukeran ditugu bi juntabideak: kasu sintagma osoak (ekialdeko euskalkietako joera) nahiz izenak (mendebaldeko euskalkietako joera).

- Kasuak (zer/zerk/zeri/zeren/zerekin...) ez du eraginik juntabide bata edo bestea aukeratzean.

- Lehen juntagaiak ondarki osoarekin edo bat ere ondarkirik gabe agertu behar du; ez dago beste aukerarik (*Idazkaria eta alkateak sinatu dute akordioa).

- Posposiziodun sintagmen kasuan, lehen juntagaiaren ondarkia posposizioaren erregimenaren araberakoa izan daiteke (Biziak eta hilakatik Jainkoari otoitz egitea nahiz Bizien eta hilengatik..., nahiz Bizi eta hilengatik...; Batzuen eta besteentzako). -en artean posposizioari dagokionez, hurrengo aukerak ditugu:

Singularrerako: Pluralerako:

zinearen eta bideoaren arteko lehia [ohizkoa] / zineen eta bideoen arteko lehia

zine eta bideoaren arteko lehia / zine eta bideoen arteko lehia

zinea eta bideoaren arteko lehia [bakan] / *zineak eta bideoen arteko lehia